Boluntarioak lortzea

Ahulenen ondoan egon ahal izateko, boluntarioen laguntza beharrezkoa dugu. Boluntarioak agintzen zaien lana betetzeko gai izan behar dira eta horretarako prest egon. Hori lortzeko, beharrezkoa da:

  • Jarduera bakoitzean nolako boluntario-premiak dauden jakitea: ekintza boluntarioko zein postu ditugun hutsik, boluntarioak nolako ezaugarriak izan behar dituen...
  • Kaptazio espezifikorako eta orokorrerako ekintza zehatzak planeatzea eta martxan jartzea: informazio hitzaldiak, liburuxkak eta kartelak, kaleko ekintzak, eta abar.
    Gurutze Gorriaren helburu nagusietako bat pertsonen elkartasuna lan boluntarioaren bitartez bideratzea da, pertsonarik ahulenen beharrizanak asetzeko moduan. Helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da pertsona horien alde egiteko boluntario-lanak eskaintzen dituen aukerak eta premiak ikusi ahal izatea.
    Gurutze Gorrian, euren denboraren zati bat komunitatearen aldeko jarduerak egiten, erakunde honen esparruaren eta helburuen barruan, eman nahi duten pertsona guztiek dute lekua. Gurutze Gorriak gizartearen eta osasunaren alorrean askotariko jarduerak egiten ditu; horregatik, jarduera egokiak aurki daitezke oso pertsona ezberdinentzat (adina, prestakuntza, interesak, eta abar).

Boluntarioari harrera egitea

Norbait Gurutze Gorriara laguntzeko asmoz etortzen denean, haren kezkei erantzuteko gai izan behar dugu. Merezi duen harrera egin behar diogu, eta Gurutze Gorria zer den eta gure erakundean nolako lana egin dezakeen azaldu.
Zeregin jakin horretan, Boluntario sailetik lan egiten dugu, laguntza eskaintzera etortzen diren lagun guztiei ahalik eta erantzunik azkarrena eta zuzenena emateko. Une horretan, funtsezkoena da jasotzen den informazioa egiazkoa izatea eta ahalik eta zuzenena izatea. Horrela, gugana jotzen dutenek sentituko dute Gurutze Gorria euren kezkei erantzuteko prest dagoela.
Boluntarioek Gurutze Gorrian segitzea erabaki dezaten, garrantzi handia du elkarteak lehenengo egun, aste eta hileetan harrera ona egitea, eta boluntarioek arazoren bat dutenean norengana jo behar duen jakin dezatela. Jarduerarako eta jarduera ez denerako erreferente argi bat edukitzeak boluntario aktiboa eta parte hartzailea izateko aukerak areagotzen ditu.

Boluntarioaren motibazioa eta jarraipena

Gurutze Gorriak boluntario parte hartzaileak, motibatuak eta erakundearekin eta bere helburuekin konprometituak nahi ditu. Horregatik, boluntarioa gure erakundera hurbiltzera bultzatu zuen hasierako motibazioa bizirik iraunarazteko jarduerak oso garrantzitsuak dira, erakundearen berezko jarduna ez ezik. Norbera Gurutze Gorria dela sentitzea eta beste pertsona batzuekin boluntario izatearen esperientzia konpartitzea funtsezkoa da motibaturik irauteko. Ezin baitezakegu ahaztu motibazioa dela boluntarioek erakundean irauteko oinarrietako bat.

Boluntarioak zaintzeko, funtsezkoa da haien espektatibak eta premiak kontuan izatea, eta aldian behin haien jardunaren jarraipen iraunkorra egitea. Boluntarioak egiten duen lanak hasieran bezala ez duenean erakartzen, horixe da boluntarioari alternatibak eskaintzeko modu bakarra, boluntarioa gure erakundera erakarri zuten balioak bizirik mantentzeko.

Motibatuta dauden boluntarioek euren lana hobeto egiten dute eta erakundearekin gehiago engaiatzen dira. Gainera, norberaren garapenerako eta erakundearen garapenerako mesedegarri diren zeregin eta erantzukizun handiagoak bereganatzeko prest egongo dira.

Motibazio hori mantentzeko funtsezko elementu bat elkartearen eguneroko jardueretan parte hartzea da, modu informalean, Gurutze Gorriaren beharrizanei eta boluntarioen eskaera eta kezkei egokituak.

Gizarte-osasunari dagokionaren zabalkundea biztanleen artean

Gurutze Gorriaren helburuetako bat jendeari gizarte eta osasun gaien berri ematea da. Gizarte osasuntsu batean, gizarteko kide asko gai dira ondoan dituztenei laguntza emateko, eta laguntza emateko, jakin egin behar da. Gurutze Gorriaren helburuetako bat biztanleriari oro har zuzendutako jarduerak egitea da, gizarte hobeago bat sortu beharraz sentsibilitatea sortzeko asmoz, eta gizarte hori sortu ahal izateko behar den jakintza zabaltzeko asmoz.

Sentsibilizazio kanpainak (trafiko istripuari buruz, lehen sorospenen garrantziari buruz, udako ohitura osasuntsuei buruz, eta abar) Gurutze Gorriaren eguneroko lana dira, ikastaroak bezalaxe.

Prestakuntza

Gipuzkoako Gurutze Gorriak prestakuntza eskaintza zabala du, bai osasun gaietan, bai gizarte gaietan.

Gurutze Gorriak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitate ona bermatzeko, boluntarioen prestakuntza funtsezkoa da. Prestakuntza on batek erabiltzaileen eta boluntarioen lasaitasuna dakar lan egiteko orduan. Gainera, ikastaroetako asko edonork egin ditzake, nahi izanez gero.

Gurutze Gorrian prestakuntza eskaintza ugaria eta osoa aurki dezakezu, gizarte eta osasun gaietan:

  • Lehen sorospenak.
  • Osasun garraioko laguntzailea / Osasun garraioko teknikaria (anbulantzia).
  • Uretako sorospena.
  • Kanpoko desfibrilazio automatikoa.
  • Lehen sorospen psikologikoak.
  • Geriatria.
  • Alzheimer.